lunes, 18 de abril de 2016

Paperezkoak: Aguxtin Alkhat

Atzoko igande goiza eguzkitsua irten zen, baino eguerdirako euria iragarrita  zegoenez, Garoara hurbildu ginen Paperezko Kontzertuen proposamen berri batetaz gozatzera. Kontzertua hasi aurretik, Literaturiakoak ibili ziren aurtengo ekimeneko promozio bideoa grabatzen, datak gainean dituzte eta, maiatzaren 19tik 22ra ospatuko bait da "Larrua" gaitzat hartuta.

Aguxtin Alkhatek bi diska ditu argitaratuta, eta atzokoan bi lan hauetako abesti batzuek plazaratu zituen, Julien Labat kitarristaren laguntzarekin. Abestiak aukeratzerakoan abesti oso rockeroak aukeratu beharrean, biko formatuari gehien egokitzen zaizkionak abestu zituen. Horrela, 2013an argitaratutako "Ihes egin" diskatik "Gaua eta egunez", "Laia" (bere alabari idatzitakoa) eta "Ihes egin", eta 2015ean Elkarrekin grabatutako "Haizeen meneko" diskatik "Amaieran", "Zenbat galde" eta "Bilatzen". Abesti guztiak Aguxtinenak dira, "Hasperen" izan ezik, hau Julienek egina da.

Abestiak osatzerakoan Agustinek esan zuen berak beti lehenengo doinua lantzen duela, eta ondoren, doinuaren gainean hitzak ipintzen ditu, bertsolariek egiten duten moduan. Aitortu zuen ere bertsolarien bapateko lan horretan ez dela ausartzen jende aurrean, eta horregatik ikasi zuela kitarra jotzen bere anaia zaharrarekin.

Bere iparraldeko hizkerarekin eta musika errazarekin, abestiak oso atseginak dira entzuteko, eta gehiago atzo bezalako gune lasai batean. Hala ere, abesti bat baino gehiagotan gelditu nintzen beste era bateko amaieraren zain, hau da, abestiaren amaiera iragarriko zuen aldaketaren baten zain. Baino itxaron gabeko amaiera hauek ere badute bere xarma.

Aguxtinek atzoko kontzerturako Khaled Hosseini-ren "Mille soleil splendides" liburua gomendatu zuen.

Atzokoan ere lortu zuten gure Garoako lagunek goiz plan atsegin bat antolatzea.