domingo, 26 de noviembre de 2017

Rafa Ruedaren disko aurkezpena Victoria Eugenian 2017-11-24

Ostiralean Rafa Ruedak bere azkenengo diskoa "Hiri kristalezkoa" aurkeztu zuen Victoria Eugeniako Club aretoan. Askotan gertatu zaigu kontzertuen programazio arazoengatik aukeraketak egin beharra, eta oraingoan ere derrigortuta geunden bi kontzerturen artean aukera egitera, jakinda bi kontzertuak oso onak izango zirela, eta kasu hontan Elena Setienen kontzertua galdu genuen Dabadaban.

Disko hontan Rafak soinu ezberdina lortu nahi zuelako Jon Agirrezalagakin lan egin du produktore bezala, WAS taldeko partaidearekin, eta honen ondorioz kitarrak indarra galdu dute eta teklatuak gailendu dira. Eta diskoa grabatzeko teklatuan Txus Aranburu, baxuan Jaime Nieto eta Ander Zulaika baterian izan dira.

Munduak birak ematen ditu, baino batzuentzat bira hauek askoz abiadura handiagoan egiten ditu. Duela lau urte, Zarauzko Euskalduna tabernan, Kafe Torero ekimenak antolatuta, Rafa Ruedak bere aurreko diskoa aurkeztu zuen, "Enaren geometria". Kasu hartan Rafa bakarlari bezala aritu zen eta entzuleen artean, lehenengo filan eserita izan ginen Ander Zulaika eta gu. Lau urte pasa dira, Rafak beste diska bat aurkeztu du, gu oraingoan ere lehenengo filan ginen entzule bezala, baina Ander Zulaika oholtzan zegoen Rafaren taldekide bezala. Saltoa haundia eman du, baino Anderren gaitasuna eta gustua ikusirik bateria jotzeko, bere ibilbidea jarraitu beharko dugu ea noraino irixten den.

Diskoaren aurkezpena izanik, eta Rafari entzunda diskoa bere osotasunean entzuteko pentsatuta dagoela, normala den bezala disko osoko abestiak jo zituzten diskan dauden orden berean. Hasieran Rafaren ahotsa oso baxu entzuten zen, baino kontzertuak aurrera egin ahala soinua orekatzen joan zen. Izan ziren desafinazio txiki batzuk koroetan, bateriako bordoiekin arazotxo batzuk, eta tarteka beste akats batzuk ere bai, baino logikoa da taldeak ematen duen lehenengo kontzertua izateko. Musikari oso onak dira laurak, eta hurrengo kontzertuetarako erraz konponduko dituzte arazotxo hauek.

Diskako abesti guztiak aurkeztu ondoren, Rafa bakarrik gelditu zen, eta bere aurreko disketako abesti batzuk abestu zituen, 2 muxu eta Distantzia. Egia esan, Rafa bakarrik abesten ari zenean ematen zuen beste kontzertu bat entzuten ari ginela, aurrekoarekin zer ikusirik ez zuena, hain zen ezberdina soinua. Hori zen Rafak lortu nahi zuena disko honekin, eta lortu du.

Kontzertua amaitzeko, berriz talde osoa agertu zen eta Printzesa, Enara galduak eta Gabriel Arestiren olerkian oinarritutako Egia bat esateagatik jo zituen.

Entzuleen artean aurpegi ezagun asko: Basmatti, Joserra Senperena, Oier (Lou Topet), Ilaski Serrano, Anjel Valdes, ... Eta denak sentsazio berdinarekin amaitu genuen, oso lan ederra egin duela Rafak diskan, eta kontzertua ere bikaina izan zela.

Zorionak Rafa!