lunes, 30 de mayo de 2016

Rockumentalak: Gorka Urbizu

Aurtengo Rockumentalak ostegunean hasi zen Mark Laneganen kontzertu bereziarekin, baino ostiralean izan zen bere ohiko formatuko lehenengo saioa, hau da dokumentala + kontzertua. Eta kasu honetan Gorka Urbizu izan zen gonbidatua, 2007an egindako "Zertarako amestu" dokumentala aurkezten, hiru urte iraun zuen Jaio.Musika.Hil diskaren biran grabatutakoa. Bertan azaltzen da Berri Txarrak laukote izatetik hirukora nola pasatzen den, eta afizionatu izatetik profesionaltasunera jauzia egitekoa apustua nola hartzen duten. Biran emandako kontzertuetako zati oso txiki batzuk azaltzen dira, baino garrantzi gehiago ematen zaio disko grabaketaren prozesuari, bidaiei, taldekideen arteko harremanei ...

Dokumentala amaitu ondoren, Gorkaren txanda izan zen akustikoan aritzeko. Tarteka atzera begiratzen zuen ea oholtzan beste taldekiderik bazuen, baino ez, oraingoan bakarkako saioa zen. Antolatzaileek sei edo zazpi abesti prestatzeko eskatu omen zioten, baino entzuleek gehiago nahi eta hamar kanta abestu zituen. Hasteko "Oreka", "Eskuak", "Zerbait asmatuko dugu" eta Denbora da poligrafo bakarra 3. diskoko "Hitzen oinarri ahula" abestu zituen. Eta ondoren Peiremans taldearen "Radio Maria". Esan behar da entzuleek letra gehienak bazekizkitela, eta une askotan abestu ere egiten zutela. Jarraitzeko Haria diskoko "Soilik agur" eta Katamalo taldearen "Betazalak" abestu zituen.

Abestien artean, anekdotak eta kuriositate batzuk komentatu zituen, adibidez nola Bill Stevenson produktoreak, punk talde askorekin lan egindakoak, grabaketa estudioan zeuzkan kitarra guztietan ez desafinatzeko gailu bat zuela instalatuta, eta ez omen zion bending egiten uzten Gorkari. Bide batez, Gorkak izandako influentziak ere haitatu zituen, eta horien artean David Bazan, Pedro The Lion taldeko kitarrajolea, eta talde honen abesti baten bertsioa jo zuen.

Amaitzeko Maravillas abestu zuen, eta kontzertua "Lemak Aingurak" abestiarekin  amaitu zuen.

Esan behar da ostiralean ere Modelo aretoan sarrera guztiak agortu zirela. Oraingoz bi saioetan Sold Out. Ea Rockumentalakeko hurrengo saioek ere horrelako arrakasta izaten duten.

viernes, 27 de mayo de 2016

Mark Lanegan - Rockumentalak 2016

Atzokoan hasi zen 2016ko Rockumentalak ekimena, eta oso indartsu hasi zen gainera.

Hasteko Ane Arruti, Arrutiko Intxaurraken txanda izan zen, eta bere proiektua aurkezteko parada izan zuen. 2012an grabatu zuen bere maketa bakarra eta nahiz eta azkenaldian denbora gehiegirik ez dedikatu musikari, baditu abesti berri batzuk konposatuta. Eta atzokoan gainera, lehenengo aldiz, looper eta pedal batzuk ere erabili zituen. Aukera ondo aprobetxatu zuela esan dezakegu.

Oso tarte txiki baten ondoren Duke Garwood igo zen oholtzara. Duke-k gero Mark Laneganekin jo behar zuen, baino Marken kontzerturako giroa prestatzeko asmoarekin, ordu erdiko saiotxo bat egin zuen, bere kitarra eta ahotsarekin. Oso lan txukuna egin zuen, baino pena bat da musikariari errespetu gehiago azaldu beharrean, jendea nola ibili zen aretotik sartu eta atera, eta baita aretoaren barruan ondokoarekin hizketan, bide batez beste entzuleei enbarazu eginez. Taberna batean horrelakoak gertatzea arruntagoa da, baino areto batean sarrera ordaindu eta horrelakoak gertatzea, ulertezina da.

Eta azkenean, iritxi zen entzule gehienak zain zeuden unea, Mark Laneganen kontzertuarena. Mark tipo gogorra da eta oso hitz gutxikoa, baino adierazi behar duena oso ondo transmititzen du musikaren bitartez. Oso pertsonala da bere ahots latza, eta atzokoan erakutsi zuen zer gutxi behar duten artista haundiek  abesti onak egiteko. Atzokoan talde formatu berezia ekarri zuen, baxua (Frederick Jacques) eta bi kitarrekin (Duke Garwood eta Jeff Fielde), eta oso lan txukuna egin zuten denek. Soinu teknikariak ere oso lan ona egin zuen eta oso ondo entzuten ziren instrumentu eta ahotsaren matiz guztiak. Ordubeteko saioa eskeini zuten, eta ondoren propina bezala beste bi abesti jo zituzten. Eta zerbait nabarmentzekotan, azkenengo abestia izan zen kontzertuko momentu bikainena. Mark eta Jeff bakarrik jardun ziren, eta  Jeffek kitarrarekin bere maisutasuna erakutsi zuen. Abesti hau entzuteagatik bakarrik pena merezi zuen atzoko kontzertura gerturatzeak.


Aurtengo programazioa ikusita, badirudi maila oso altutik  hasi eta zerbait jeisten joan daitekela, baino balorazioak amaieran egin beharko dituzte antolatzaileek. Ea maila mantentzeko gai diren ekitaldi guztietan, eta ea lortzen duten entzuleak erakartzea Modelo Aretoa atzo bezala beteta egon dadin saio guztietan.

lunes, 23 de mayo de 2016

Literaturia

Aste bukaera hontan Literaturia ospatu da Zarautzen, eta gu izandako saioetara behintzat, ikusle eta entzule mordoa gerturatu dira.

Tamalez ostiralean ezin izan genuen Amorantek parte hartzen zuen saiora gerturatu, eta aurtengo lehenengo kontaktua Literaturiarekin larunbat goizean izan zen, Itu Bandak eta Kaluse taldeak aurkeztu zuten "Isabel Iturberen bizitza eta heriotza" lanaren estreinaldian. Urduritasuna nabaria zen hasieran, baino lan oso txukuna eta interesgarria aurkeztu zuten musika, hitzak eta irudiak tartekatuz.
Gure ustez azkenengo abestiak indarra kentzen dio hitzei eta egokiagoa litzateke azken abesti hau kendu eta antzezlana amaitzea azkenengo esaldiarekin, baino hau gure iritzi pertsonala da.

Igande arratsaldean, ezaguna dugun Joseba Irazokiren txanda izan zen, oraingoan Beñat Axiariren laguntzarekin. Aukera izan genuen abesti tradizionalen bertsioak entzuteko, Billie Holidayk abesten zuen "Strange fruit" edo "I'll be waiting" bezalakoak, Itxaro Bordaren poema bat ere entzun genuen, Josebaren hainbat kantu (Inuxente bortxatua , Bisita, Udaberriko eguzki, ...) etabar. Hau guztia Beñaten perkusioa eta bere ahots finaren jokuekin lagunduta (baita tronpetaren sordina ere imitatzera ausartu zen). Esan daiteke Josebak aurkitu duela bere neurriko laguna inprobisazioarekin jolasteko, Beñat.

Pena batekin gelditu ginen kontzertura gerturatutakoak, eta izan zen propinarik ez zutela jo. Entzuleak gogoarekin gelditu ginen gehiago entzuteko, baino Joseba eta Beñat ez ziren oholtzara itzuli beste pixkat inprobisatzen jarraitzeko.

Ikusiko dugu Literaturiako antolatzaileek zer balorazio egiten duten, baino badirudi aurtengoa ere arrakastatsua izan dela.

lunes, 16 de mayo de 2016

Mikel Urdangarin Zarauzko Garoan (2016-05-15)

Atzokoan ikasturte hontako azkenengo Paperezko kontzertuaz gozatzeko aukera izan genuen Zarauzko Garoa liburudendara hurbildu ginenok. Entzuleen artean aurpegi berri asko, eta tartean neska gazte koadrillak ere bai.

Hasierako urduritasunak gainetik kentzeko, Mikelek askotan aukeratzen duen bezala, "Urriko poema" abesten hasi zuen kontzertua. Taldearekin jo edo bakarka jo alde haundia dago, taldeak asko babesten duelako, baino atzokoan demostratu zuen Mikelek bakarka ere ondo modaltzen dela, eta kitarrarekin batez ere nahiko arpegio eta pasarte zailak jotzera ausartu zen, eta lehenengo abestiko urduritasunak eragindako akats batzuk kenduta, oso maila altua erakutsi zuen.

Aurkezle bezala Oier Aranzabal ibili zen, eta larunbatean Donostian Mikelek aukera haundirik ez zionez eman galderak egiteko, atzokoan Oierrek aurrea hartu zion eta hasieratik ibili zen galderak egiten, naiz eta Mikelek ez duen galderarik behar mikrofonoa hartu eta istorioak kontatzeko.

Ondoren abestu zituen Hau ez da amodiozko kanta, Euria ari du, errefuxiatuen egoerak salatzen dituen Oihal puska bat eta Irailean. Abesti honekin kontatu zuen bazuela melodia bat oso barneratua, baino ez zituela letra egokiak aurkitzen melodia horrentzat, eta denbora luzez egon zela abesti honekin blokeatuta. Galdetu zioten ea ez zitzaion bururatu bere hainbat abestirentzat letrak egin dituzten idazleei letra bat eskatzea, baino erantzun zuen melodia hain barneratua izanik, abestiaren letrak berea izan behar zuela, eta inspirazioaren zain egotea erabaki zuela letra hau noiz osatuko zain.

Jarraian Egunkariaren itxiera salatzeko konposatutako Ezin esan abestu zuen, eta gero Anek idatzi dit zutaz, eta Zeruak eta lurrak abestu zituen. Bere prontoari buruz galdetutakoan, bidai bateri buruzko anekdota bat ere kontatu zuen, baino hori atzo Garoara hurbildutakoentzat bakarrik geldituko da.

Paperezko kontzertu guztietan bezala, liburu bat gomendatzeko eskatu zioten Mikeli, eta baten ordez hiru gomendatu zituen:  Karmele Jaioren  Orain hilak ditugu poesia liburua, Unai Elorriagaren Iazko hezurrak eta Gerardo Markuletaren azken lana.

Eta amaitzeko, Mikelek bere eskuzabaltasuna agertzeko entzuleei galdetu zien ea zer abesti nahi zuten entzun. Lehenengo eskaera aspaldi jo gabeko abesti bat izan zen, eta bigarren aukera bat eskatu zuen. Bigarren eskaera Zurekin izan zen eta hori abestu zuen. Eta kontzertua horrela amaituko zela zirudienean, beste eskaera bat onartu zuen, Abendua. Letra osoa gogoratzeko arazoak izango zituela adierazi zuen Mikelek, baino Oier azkar ibili zen eta bere mugikorrean abestiaren letra aurkitu eta horrela amaitu zuen Mikelek kontzertua, Abendua kantatuz Oier mugikorrean letrak irakurriaz.

Eskerrik asko Mikel!

Eta eskerrik asko Garoako lagunei. Hurrengo ikasturtean gehiago.