lunes, 30 de marzo de 2015

Makala Jazz Funk Band: Xake diskaren aurkezpena

Ostiralean Makala Jazz Funk Band taldeak bere "Xake" diska aurkeztu zuen Zarautzen, Modelo aretoan. Diska atera berri dute, baino mini-gira bat ere egin dute diska aurkezten Donostin eta Bartzelonan. Taldekide denak zarauztarrak izanik edo zarauzko biztanle direlarik, beraien ezagun asko zegoen jende artean. Eta gainera esan behar da normalean kontzertuetan ikusten ez diren aurpegi berri asko ere bazirela Modelon. Mikel Makalak ibilbide luzea du musika munduan eta badauka jarraitzale talde bat, udaran ere Borghettoko txiringitoko kontzertuetan presente izaten direnak.
Taldearen formatoa azkenalditako berdina zen, Martin Asarián kitarran eta Mikel Makala baxuan oholtzaren atzeko aldean, ezker eskubi Antxon Sarasua teklatuan eta Ander Zulaika baterian, eta erdian Oihan Lopetegi ahotsean. Oso ondo funtzionatzen duen taldea da, eta kokapen hori  ere egokia da taldekideen arteko sinkronizazioa lortzeko. Azpimarratzekoa da kontzertu hontarako MJFB taldeak  teknikari eta soinu ekipo propioa erabili zituela.
Kontzertuan batez ere diska berriko abestiak jo zituzten, baino tartean ere izan zuten tarte bat hiruko formatuan jazz pixkat jotzeko (Antxon, Mikel eta Anderrek), eta baita diskan agertzen ez diren beste batzuk abesteko ere, aprobetxatuz omenaldiak egiteko musika beltzeko estilo ugariri(soul, funk, R&B, ...), eta baita Aretha Franklini ere.
Playlista ere egokia izan zen, eta kanta instrumentalak nahasten joan ziren Oihanek abestutako beste kanta batzuekin. Letra gehienak ingelesak dira, baino tartean badago frantsezezko letra bat ere, bideoklipa ere baduen "5 sense" abestia. Oso atsegina egiten da Oihanen ahotsa entzutea, eta tartean Rap moduko erritmoan abesten dituenak oso gustoko ditugu.
Modelo aretoa ez da oso egokia dantza egiteko, aulkiz betea dagoelako, baino kontzertua amaitu aurretik MJFB taldeak lortu zuen entzule ia guztiak dantzan jartzea, eta hori ez da batere erraza. Makalak DJ bezala lan asko egiten du, eta badaki zein zaila den batzuetan jendea dantzan jartzea, eta gehiago Euskal Herri aldean.
Eta kontzertu amaieran denak gustora, bai taldekoak eta baita entzuleak ere, eta salgai jarritako CD guztiak saldu ziren. Viniloak ere atera dituzte, eta entzule batzuk joan ziren etxera viniloa bezo azpian zutela, taldekideen sinadurarekin.
Larunbatean kalean topatu nintzen musika asko atsegin duen pertsona batekin, eta komentatu zidan sorpresa haundia eraman zuela MJFB taldearekin Modelon. Bi urte pasa direla azkenengoz zuzenean  entzun zituenetik, eta ordutikan kriston jauzia eman duela kalitate aldetik. Eta hori lortzeko zer egin dute? Batetik, denborarekin entsaioak akumulatu eta esperientzia gehitzen joaten da. Bestetik, Oihanen ahotsa gehitu zaio taldeari eta beste tinbre bat ematen dio. Eta badago beste faktore bat ere, bateria jotzailea. Anderrek erritmoak oso ondo kontrolatzen ditu, eta taldeari segurtasun haundia ematen dio. 

viernes, 27 de marzo de 2015

Kafe Torero: LURRA

Atzokoan Euskalduna tabernara hurbildu ginen hilabete  hontako Kafe Torero egitasmoaren proposamen berria entzutera: Iñigo Muguruza eta Ane Garciaren Lurra proiektua.

Lurra proiektuak interesgarria dirudi, baino atzokoan ezin izan genuen bere osotasunean gozatu. Alde batetik Ane erdi gaixorik ibili delako azken egunetan, eta ahotsa ere ez zuen bere 100%. Eta bestetik, bateriaren bolumenagatik. Xabi Dolsek bateriaren bolumenari ez zion neurria ondo hartu, eta fuerteegi aritu zen kontzertu guztian. Soinu teknikariak kontzertu aurreko soinu frogan komentatu zion hain fuerte jo ezkero talde guztiaren emaitza baldintzatzen zuela, baino ez zion kasurik egin, eta aretoa hain txikia izanik, bateria fuerte jotzearen ondorio zen baxua ere fuerteago jarri behar zela, base ritmikoa orekatua entzuteko. Eta horren ondorioz, kaltetuak izan ziren Iñigoren kitarra (bere bolumena gehiegi ez igotzeagatik), eta batez ere, Aneren ahotsa, zeren erdi gaixorik egoteaz gain, kontzertu guztian bere ahotsa behartzen ibili zen, bolumen haundiagoa lortu nahian. Teknikoki ere ezin zen ahotsaren bolumen gehiago lortu, bestela mikrofonoa akoplatzen hasteko arriskua bait zegoen.

Aipatzekoa da Anek bakarka, ahotsa eta kitarrarekin egin zuen abesti argentinar baten bertsioa. Nahiz eta ahotsarekin justu xamar ibili, lortu zuen abestiarekin sentitzen zuena transmititzea.

Musikalki proiektu interesgarria da, erritmoak ondo landuta daude, eta letrak ere badute indarra. Baino atzokoan ez zuten jakin aretoaren baldintzetara egokitzen, eta horren emaitza balorazio gazi-gozo bat da.

lunes, 23 de marzo de 2015

Paperezko kontzertua: Txuma Murugarren

Zer egin dezakegu igande goiz hotz batean? Ba adibidez, Garoak antolatutako paperezko kontzertuetaz gozatu, pastak eta ardotxo batez lagundurik. Eta atzokoan orixe egin genuen, Txuma Murugarren entzutera hurbildu zarauzko Garoara.

Aurkezle moduan, aurrekoan bezala, Joseba Martinek jardun zuen, Radio Euskadiko La Jungla Sonora programaren arduradunak. Txuma ez zen bakarrik azaldu Garoan, berarekin batera Rafa Aceves izan bait zen, jazz munduan dabilen pianojolea, eta nahiz eta urte askotan autodidakta izan, azkenengo urteetan Musikenen goi mailako piano jazz ikasketak burutzen ari dena, gure laguna den Iñaki Salvador irakaslearekin. Rafak komentatu zuen asko sufritzen ari zela, lana eta ikasketak batera egin behar dituelako, eta gainera Bilbon bizi denez, Donostiara autobusez bidai asko egin behar dituelako Musikenera joateko. Baino, Iñakirekin asko ikasten da, eta sufrimendu guztiek pena merezi dute. Gainera ikasitakoaren emaitzak azkar nabarmentzen dira. 

Txumaren ibilbidearen errepaso bat egin zuen Josebak, Ortuellan euskaraz abesten hasi zen "Sasoi ilunak" taldearekin hasi eta gaur egun arte, bidean ateratako bakarkako edo lagunekin egindako diskak komentatuz, eta bere azkenengo lana den "B aldeko kantuak" diskora iritxi arte. Ibilbide hau egiteko, Josebaren galderak Txumaren abestiekin nahasten joan ziren, tartean aspaldiko "Izaskun" edo "Ez dakit" abestiak entzun zirelarik. Nahiz eta ohiko ordutegia ez izan, Txuma txukun aritu zen bere ahots grabea eta kitarrarekin, eta Rafak oso ondo lagundu zuen teklatuarekin, jazzeko inprobisazio asko sartuz. 

Beste behin ere, goiz atsegina pasa genuen musika eta liburu artean, Garoako lagunei ezker. Hurrengo hiruhileko programazioa ere prest dute, eta izango da sorpresaren bat ere.

domingo, 22 de marzo de 2015

Perlak + Zea mays (korrika kulturala)

Korrika kultura dela eta Munoako karpan kontzertu bikaina antolatu zuten larunbat gauerako. Alde batetik Zea Mays talde nagusi bezala, ondoren Fan&Go zarauztarrak erromeri giroan gau luzatzeko, eta hasteko Perlak taldea. Hauek arazo pertsonal batzuk direla eta astean zehar  zabaldu zuten ez zutela kontzertua emango, baino azkenengo momentuan erabakia aldatu eta oholtzaren gainean azaldu ziren. Azken orduko aldaketa hauek ordutegian ere izan zuen islada, eta horrek agian eragin zuen Perlaken kontzertu garaian entzule gehiegirik ez izatea. 

Perlak taldearen kontzertuaren hasieran zalantza batzuk igarri genituen, baino pare bat abesti jo ondoren  lortu zuten zentratzea eta ordutik aurrera lan oso txukun bat egitea. Gainera baterian ere aldaketa zegoen, eta atzokoan Nagore zumaiarra ibili zen makilak astintzen. Esan beharra dago Perlak taldea karpa hontan izan zela iaz Udaberri Fest-en, eta urtebetean taldeak asko irabazi duela oholtzaren gainean. Esperientzia antzematen da eta taldekideak iaz baino urduritasun gutxiagorekin jardun zuten. Soinu aldetik esan beharra dago mahaiko teknikoa oso adi zegoela, eta une bakoitzean saiatzen zela protagonismoa zuen instrumentu edo ahotsaren soinua nabarmentzen.

Perlaken saioa amaitu ondoren, oholtzaren gaineko gailuak azkar egokitu ondoren, Zea Mays-en txanda izan zen. Betiko moduan, taldea oso indartsu azaldu zen, bateria, kitarra eta baxuaren soinu potentearekin, eta Aioraren ahotsak ematen dio taldeari nolabaiteko oreka. Denontzat ezagunak dira Aioraren ahotsaren ezaugarriak, oso indartsua eta garbia da, baino emakume ahotsa izanik, nahasketa magikoa lortzen da musika eta ahotsaren artean. Eta tazo kontzertu garaian pentsatzen jardun nuen? Zer izango litzateke talde hau Aioraren ordez abeslaria gizonezkoa izanezkero? Agian Euskal Herrian rock gogorra egiten duen beste hainbat talderen moduko bat ? Agian.

Esan beharra dago Zea Mays-en kontzertuan karpak jende aldetik beste itxura bat zuela. Eta adin guztietako jendea zegoen gainera, 14 urteko gazte koadriletatik, 50 urtetik gorako jenderarte. Eta denak gozatuz eta dantzatuz, euskararen alde.

jueves, 19 de marzo de 2015

GOSARIAK 2015eko martxoak 18 Modelo aretoan



Atzokoan Korrika kulturalaren egitarauko Gosariak emanaldian izan ginen. Gosariak musika, literatura eta ilustrazioak nahasten dituen proiektu bat da. Musika Gose taldearen esku dago, eta abesti guztien letrak Joseba Sarrionandiarenak dira.

GOSE-ren aurreko kontzertuetatik aldaketa batzuk antzematen dira. Alde batetik, Iñakik makilak alde batera utzi ditu, eta nahiz eta erritmo eta sekuentzietan lehen egiten zuen lan berdina edo hobea  egiten jarraitzen duen, ikuslearentzat badirudi antzerki gutxiago egiten duela, eta orain bere lanak sinisgarritasun gehiago duela ematen du.

Osoronek ere oso lan txukuna egiten du kitarrarekin, gehienetan oso ikutu suabeak sartuz abestietan, eta puntualki, tokatzen zaionean, kitarra eta pedalak erabiliz bere protagonismoa hartuz.

 Inesentzat ez zen lehen aldia Modelo aretoan, zeren duela pare bat urte Sorlekutik ekimenaren baitan bertan izan zen bakarka, bere ibilbideari buruz hitzegiten, eta tartean abesti batzuk abesten trikiarekin. Egun hartan aukera izan nuen Inesekin hitzegiteko saioa amaitu ondoren, eta komentatu nion oso  ezberdina izan zela egun hartako Ines, gertukoa eta goxoa, eta aldiz Goserekin zuzenean abesten zuenean, emakume gogorraren itxura ematen zuela. Berak erantzun zidan beharrezkoa zitzaiola jarrera hori izatea abestien letrak ziotenari indar gehiago emateko.

Gosariak-en, aldiz, Sarriren letrek badute nahiko indar entzulearengana mezuak garbi heldu arazteko, eta honek ez du Ines hain jarrera gogorra izatera behartzen oholtzaren gainean, eta honela, lortzen den emaitza bikaina da: Inesen jarrera goxoagoa da, baino era berean mezuak indar haundiarekin iristen dira entzulearengana.

Kontzertua Modelo aretoan  ospatu zen, eta entzule guztiak eserita egon ginen gure eserlekuetan, baino hala ere entzule batzuk ausartu ziren jeiki eta dantza egitera kontzertuaren amaiera aldera. Eta besteek, naiz eta eserita egon, hankak mugitu genituen musikaren erritmoa jarraituz, abestiak oso aberatsak baitira erritmoz.