sábado, 28 de enero de 2017

Izaro - Paperezko kontzertuak 2017ko urtarrilak 28

Aurtengorako programazio fuertea prestatu dute Garoako lagunek, eta hasteko Izaro gaztea entzuteko aukera izan dugu sarrera lortu dugunek behintzat, bai Donostian eta baita Zarautzen ere sarrera guztiak saldu bait dira. Aurkezle bezala Joseba Martin Radio Euskadiko esataria jardun da, eta oraingoan gainera aurrez oso ondo landuta ekarri du elkarrizketa, proiekzio batez lagundua Izaroren argazkiekin eta Izarori bideratutako hainbat ariketa eta galderekin.

Kontzertuaren hasiera Izarok bakarka egin du, bere kitarrarekin, eta bere lehen diskako Argia, Koilarak, La vi eta Astelehenak abestu ditu. Ondoren bere ibilbide hasiera honetan hain garrantsitsua izan den Oriol Flores prekusionista batu zaio kajoarekin, eta berarekin Honey, Serendipity eta Tu escala de grises abestu dituzte. Hurrengo abestia, Zure ezpainen itsasoan, ez dago diskoan, baino Izarok aukeratu du gaurkoan abesteko. Ondoren Mikel Urdangarinen Abendua abestiaren bertsio bat egin du, eta Oierrek galdetu dionean ea zergatik Mikel Urdangarin, erantzuna izan da askotan entzuten duelako Mikel, eta baita bioi "menos es más" aplikatzea gustatzen zaielako beren lanetan. Eta amaitzeko Eider abestu du, entzuleen laguntzarekin ahotsak bikoizteko.


Galdetu diote ea zergaitik abesten duen hiru hizkuntzetan, eta Izarok adierazi du hizkuntzak ez direla konpetentzia, baizik hizkuntza bakoitzak esaldi edo gauzak esateko era batzuk dituela, eta abesti bakoitzean aukeratzen duela esan nahi duenarentzat hoberen etortzen zaion hizkuntza.

Eta entzuleek horrela eskatuta, beste abesti-olerki-bertso bat abestu du, kitarrarik gabe, eta Oriolen laguntzaz body percusion egiten. Une benetan hunkigarria, oilo ipurdia jartzeko modukoa.

Zer esan dezakegu 24 urteko neska gazte honen kontzertuari eta lehenengo diskari buruz? Benetan ez dirudi bere lehen lana denik, zeren oso ausarta da, bai hizkuntzen aukeraketan baino batez ere ahotsarekin egiten dituen "giro" horietan. Bere ahotsa oso pertsonala da, eta bere erreferente batzuen artean Norah Jones eta Anari aipatu ditu.

Eta zer gertatzen da Izaro abesten ari denean, zure aurrean eserita bi metro eskaseko tartearekin, eta bere begirada eta zurea gurutzatzen direnean bere ahots goxo eta pertsonala entzuten duzun bitartean? Ba maintemindu egiten zarela, noski, Izaroz eta bere ahotsaz.

Denok nahi dugu Izaro oso zoriontsu izan dadin bere bizitzan, baino abestiak triste dagoenean idazten dituenez, espero dugu bere bizitzan une triste batzuk izan ditzala horrelako abestiak idazten jarraitzeko, gure zorionerako.

Eskerrik asko Izaro, eta una hauek zure ibilbide luze baten hasiera besterik ez daitezela izan.