lunes, 31 de octubre de 2016

Asteburuko kontzertuak: Jurgi Ekiza, Doctor Deseo eta Liher



Aste bukaeran kontzertuen eskaintza oso zabala izan da inguruan, BIME festibala Bilbon, Jazpana Beasainen, Depedro eta MobyDick Azpeitiko San Agustinen, …  Eta guk ere aprobetxatu dugu kontzertu batzuetaz gozatzeko.

Hasteko, Garoa Liburudendan Paperezko kontzertuetako beste denboraldi berri bat estreinatu zuten, Jurgi Ekizarekin, eta berritasun moduan egun aldaketarekin. Orain arte Zarauzko Garoan igande goizetan izaten ziren kontzertuak, eta aurtengoan aldiz larunbat  eguerdian izango dira.   Eta lehenengo saiorako Jurgi Ekiza izan zen gonbidatua, Willis Drummond taldeko abeslaria, bere kitarra akustiko, pedal eta loop stationarekin bakarkako bere lana taularatzen. Aurkezlea Leire Palacios izan zen, eta ostiralean ere saio berdina egin zutenez Donostiako Garoan, momentu batzuetan bazirudien aurkezleak eta abeslariak bezperako saioarekin jarraitzen zutela naiz eta eguna, tokia eta entzuleak ezberdinak izan.  

Jurgi Ekizak ahots berezia duela erakutsi zuen, eta falseteekin jolasten momentu interesgarriak utzi zituen. Diska Bonberenean grabatu du Txapekin, eta grabazioan asko ikasi duela esan zuen. Bere diskako laupabost kanta abestu zituen, Willisen lehenengo diskako beste kantu bat, Laboari omenladitxo bat ere egin zion, eta liburu denda batean zenez kontzertua, Jose De La Serna poeta mexikarrak berak irakurritako poesia batekin ere egin zuen kantu bat.

Larunbat gauen, aldiz, Hotz Zarautzek errefuxiatuen alde antolatutako Ttantaka jaialdiaren barruan, Doctor Deseo azpalditik ezagutzen dugun taldearen kontzertuan izan ginen. Hotz haundia egiten zuen ikastolako pistan, baino jendea gogotsu zegoen Doctor Deseo entzuteko. Zer esan talde bilbotarrari buruz. Urteak pasatzen dira, taldekide batzuk aldatzen dira, baino hor jarraitzen dute Josik baxuan eta batez ere Francisek, showman bat dela demostratuz, bere ahots ezaguterrezarekin.   Batez ere aspaldiko kantak abestu zituzten, naiz eta abesti hauetan  moldaketa batzuk egin eboluzio bat justifikatzeko. Aldiz, arraroa egin zitzaigun, urrian bertan Kilometroak jairako kontzertu osoa euskaraz prestatu ondoren, Zarautzen kantu bakar bat   abestea euskaraz. Dena den, entzuleek oso gustora amaitu zuten kontzertuarekin.

Igande arratsaldean, berriz, Donostiko bidea hartu genuen. Donostia 2016k antolatutako Bidea ekimenaren amaiera aprobetxatuz, jai bat antolatu zuten Boulevardean, eta bertan hiru kontzertu izan ziren, tartean Liher taldearena.  Lide Hernandoren bakarko maketa ezagutzen genuen, eta bere ahotsak txundituta utzi gintuen. Orain diska atera du rock taldeko formatuan. Normalean bakarka ibiltzen diren abeslariek, talde bat osatzerakoan talde suabe bat antolatzen dute, baino Liherren kasuan taldea oso kañeroa da. Iñigo Etxarrik jotzen du kitarra eta Joshka Natkek baxua. Baterian aldaketak izango ditu taldeak, eta aldaketa hauek finkatu bitartean Ander Zulaika bateriajole zarauztarra izan zen atzo Liher taldearekin, berak duen trebetasuna azaltzen musika estilo ezberdinetara egokitzeko (Lou Topet, Tik Tara, Makala Jazz Funk Band, Bluestock, Zarauzko Musika Banda, …).  

 Ikusteko zegoen nola moldatuko zen Lide, edo ea taldearen musika indartsuak Lideren ahotsa zerbait tapatuko zuen. Baino ez zen horrela gertatu. Atzo Lidek demostratu zuen baduela ahotsa talde osoaren gainetik nabarmentzeko. Bere ahotsa oso argia da, oso ondo ahozkatzen du, kriston potentzia dauka, eta nota guztiak oso ondo afinatzen ditu.   Badu aukera ibilbide luze eta oparo bat izateko, bai bakarka edo bai taldean. Orain arte hartu dituen erabakiak bide honetik eraman dute, eta diskaren aurkezpen biran ere nahiko kontzertu badituzte lotuta. Ea aurrerantzean ere erabaki zuzenak hartzen dituen eta zorte pixkat duen, hori ere lagungarria izaten da eta.