jueves, 19 de marzo de 2015

GOSARIAK 2015eko martxoak 18 Modelo aretoan



Atzokoan Korrika kulturalaren egitarauko Gosariak emanaldian izan ginen. Gosariak musika, literatura eta ilustrazioak nahasten dituen proiektu bat da. Musika Gose taldearen esku dago, eta abesti guztien letrak Joseba Sarrionandiarenak dira.

GOSE-ren aurreko kontzertuetatik aldaketa batzuk antzematen dira. Alde batetik, Iñakik makilak alde batera utzi ditu, eta nahiz eta erritmo eta sekuentzietan lehen egiten zuen lan berdina edo hobea  egiten jarraitzen duen, ikuslearentzat badirudi antzerki gutxiago egiten duela, eta orain bere lanak sinisgarritasun gehiago duela ematen du.

Osoronek ere oso lan txukuna egiten du kitarrarekin, gehienetan oso ikutu suabeak sartuz abestietan, eta puntualki, tokatzen zaionean, kitarra eta pedalak erabiliz bere protagonismoa hartuz.

 Inesentzat ez zen lehen aldia Modelo aretoan, zeren duela pare bat urte Sorlekutik ekimenaren baitan bertan izan zen bakarka, bere ibilbideari buruz hitzegiten, eta tartean abesti batzuk abesten trikiarekin. Egun hartan aukera izan nuen Inesekin hitzegiteko saioa amaitu ondoren, eta komentatu nion oso  ezberdina izan zela egun hartako Ines, gertukoa eta goxoa, eta aldiz Goserekin zuzenean abesten zuenean, emakume gogorraren itxura ematen zuela. Berak erantzun zidan beharrezkoa zitzaiola jarrera hori izatea abestien letrak ziotenari indar gehiago emateko.

Gosariak-en, aldiz, Sarriren letrek badute nahiko indar entzulearengana mezuak garbi heldu arazteko, eta honek ez du Ines hain jarrera gogorra izatera behartzen oholtzaren gainean, eta honela, lortzen den emaitza bikaina da: Inesen jarrera goxoagoa da, baino era berean mezuak indar haundiarekin iristen dira entzulearengana.

Kontzertua Modelo aretoan  ospatu zen, eta entzule guztiak eserita egon ginen gure eserlekuetan, baino hala ere entzule batzuk ausartu ziren jeiki eta dantza egitera kontzertuaren amaiera aldera. Eta besteek, naiz eta eserita egon, hankak mugitu genituen musikaren erritmoa jarraituz, abestiak oso aberatsak baitira erritmoz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario