domingo, 22 de marzo de 2015

Perlak + Zea mays (korrika kulturala)

Korrika kultura dela eta Munoako karpan kontzertu bikaina antolatu zuten larunbat gauerako. Alde batetik Zea Mays talde nagusi bezala, ondoren Fan&Go zarauztarrak erromeri giroan gau luzatzeko, eta hasteko Perlak taldea. Hauek arazo pertsonal batzuk direla eta astean zehar  zabaldu zuten ez zutela kontzertua emango, baino azkenengo momentuan erabakia aldatu eta oholtzaren gainean azaldu ziren. Azken orduko aldaketa hauek ordutegian ere izan zuen islada, eta horrek agian eragin zuen Perlaken kontzertu garaian entzule gehiegirik ez izatea. 

Perlak taldearen kontzertuaren hasieran zalantza batzuk igarri genituen, baino pare bat abesti jo ondoren  lortu zuten zentratzea eta ordutik aurrera lan oso txukun bat egitea. Gainera baterian ere aldaketa zegoen, eta atzokoan Nagore zumaiarra ibili zen makilak astintzen. Esan beharra dago Perlak taldea karpa hontan izan zela iaz Udaberri Fest-en, eta urtebetean taldeak asko irabazi duela oholtzaren gainean. Esperientzia antzematen da eta taldekideak iaz baino urduritasun gutxiagorekin jardun zuten. Soinu aldetik esan beharra dago mahaiko teknikoa oso adi zegoela, eta une bakoitzean saiatzen zela protagonismoa zuen instrumentu edo ahotsaren soinua nabarmentzen.

Perlaken saioa amaitu ondoren, oholtzaren gaineko gailuak azkar egokitu ondoren, Zea Mays-en txanda izan zen. Betiko moduan, taldea oso indartsu azaldu zen, bateria, kitarra eta baxuaren soinu potentearekin, eta Aioraren ahotsak ematen dio taldeari nolabaiteko oreka. Denontzat ezagunak dira Aioraren ahotsaren ezaugarriak, oso indartsua eta garbia da, baino emakume ahotsa izanik, nahasketa magikoa lortzen da musika eta ahotsaren artean. Eta tazo kontzertu garaian pentsatzen jardun nuen? Zer izango litzateke talde hau Aioraren ordez abeslaria gizonezkoa izanezkero? Agian Euskal Herrian rock gogorra egiten duen beste hainbat talderen moduko bat ? Agian.

Esan beharra dago Zea Mays-en kontzertuan karpak jende aldetik beste itxura bat zuela. Eta adin guztietako jendea zegoen gainera, 14 urteko gazte koadriletatik, 50 urtetik gorako jenderarte. Eta denak gozatuz eta dantzatuz, euskararen alde.

No hay comentarios:

Publicar un comentario