lunes, 28 de diciembre de 2015

Petti Tabakaleran, 2015eko abenduak 26 - Paperezko kontzertua

Oraindik Tabakalera ezagutzen ez genuenentzako aukera polita izan zen larunbatekoa, alde batetik Garoak bere liburutegietatik kanpo antolatutako Paperezko kontzertu bat entzuteko, kasu hontan Petti bakarlari beratarrarekin, eta bestetik duela gutxi ateak zabaldu zituen Tabakalera eraikina ezagutzeko. Esan beharra dago, nahiz eta eraikina oso haundia izan eta oraindik nahiko hutsa dagoen, bibrazio positiboak helarazi zizkigula. Goxoa eta beroa iruditu zitzaigun, eta denon artean lortzen badugu bizitza artistikoa duen espazio bat izatea, eta eduki interesgarriak izatea, benetako erreferente bat izan daiteke Donostiako arte eta kultur ekimenentzat. Ea horrela gertatzen den, eta ea ez den bihurtzen inbertsioak gutxitu diren aitzakiarekin edukirik eta bizitzarik ez duen eraikin huts polit bat.

Juan G. Andres kazetari eta argazkilariak egin zituen aurkezle lanak, eta argazkirik atera gabe ezin gelditu, eta Pettik propinako abestia kantatzen zuen bitartean aprobetxatu zuen argazki batzuk ateratzeko. Pettik baditu disko batzuk rockeroagoak eta beste batzuk lasaiagoak, eta kasu hontan bakarka aurkeztu behar zituenez abesti lasaiagoak aukeratu zituen. Hasteko "Hauskorrak" eta "Txomin Iantziren kantua" abestu zituen.

Antolaketa aldetik arazo txiki bat izan zen. Kutxa Kultur plazan nahiko entzule elkartu ginen, eta mikrofono bat bakarrik zegoenez, elkarrizketa garaian mikrofonoa batetik bestera ibili zuten Petti eta Juanek. Juanek galdetu zion Pettiri ea nola sentitzen zen gustorago, bakarka edo talde formatuan, eta Pettik erantzun zuen bietan gustora sentitzen zela, baina bakarka aritzen zenean lehenengo 10-15 minutuetan oso urduri egoten zela. Abestien hitzei buruz esan zuen lehen berak sortzen zituela hitzak, baino zortez, orain lagun asko dituela hitzak egiten dituztenak, eta beraien lanak aprobetxatzen dituela, tartean Harkaitz Kano, oraingoan ere entzuleen artean zegoena. Gainera Pettik komentatu zuen nahiz eta berari letrak euskara batuan bidaltzen dizkioten, abesteko garaian errazago izateko beratarrera egokitzen dituela. 

Ondoren 2001ean argitaratutako Arrazoiak diskako "Bihotzeko harriak" eta "Ez pentsatzea" abestu zituen, eta ondoren Bruce Springsteenen "The river"-en bertsio bat euskaraz. Juanek galdetu zion zein izan daiteken arrazoia Beran hainbeste arrakastako musikari izateko, eta Pettik erantzun zuen Udalak lokalak muxutruk uzteak eta argi indarra ere Udalak ordaintzeak(batez ere neguan hots asko egiten duelako eta berogailuak asko gastatzen duelako) asko errazten zituela gauzak hasten ari diren taldeentzat. Adin tartean izan daiteke salto bat Joseba Irazoki, Petti, Joseba B. Lenoirretik, baino gaur egun ere badaude nahiko talde eta musikari Beran.

Ondoren, "Argia heldu da" eta "Erramurik gabeko gaua" abestu zituen, eta amaitzeko, entzuleek horrela eskatuta, Xabier Leteren "Adiskide bat"-en bertsio intimista bat egin zuen, oso unkigarria.

Oso arratsalde atsegina pasa genuen, Petti, Garoa, Kutxa Kultur eta Tabakaleraren eskutik. Mila esker!

No hay comentarios:

Publicar un comentario