viernes, 27 de mayo de 2016

Mark Lanegan - Rockumentalak 2016

Atzokoan hasi zen 2016ko Rockumentalak ekimena, eta oso indartsu hasi zen gainera.

Hasteko Ane Arruti, Arrutiko Intxaurraken txanda izan zen, eta bere proiektua aurkezteko parada izan zuen. 2012an grabatu zuen bere maketa bakarra eta nahiz eta azkenaldian denbora gehiegirik ez dedikatu musikari, baditu abesti berri batzuk konposatuta. Eta atzokoan gainera, lehenengo aldiz, looper eta pedal batzuk ere erabili zituen. Aukera ondo aprobetxatu zuela esan dezakegu.

Oso tarte txiki baten ondoren Duke Garwood igo zen oholtzara. Duke-k gero Mark Laneganekin jo behar zuen, baino Marken kontzerturako giroa prestatzeko asmoarekin, ordu erdiko saiotxo bat egin zuen, bere kitarra eta ahotsarekin. Oso lan txukuna egin zuen, baino pena bat da musikariari errespetu gehiago azaldu beharrean, jendea nola ibili zen aretotik sartu eta atera, eta baita aretoaren barruan ondokoarekin hizketan, bide batez beste entzuleei enbarazu eginez. Taberna batean horrelakoak gertatzea arruntagoa da, baino areto batean sarrera ordaindu eta horrelakoak gertatzea, ulertezina da.

Eta azkenean, iritxi zen entzule gehienak zain zeuden unea, Mark Laneganen kontzertuarena. Mark tipo gogorra da eta oso hitz gutxikoa, baino adierazi behar duena oso ondo transmititzen du musikaren bitartez. Oso pertsonala da bere ahots latza, eta atzokoan erakutsi zuen zer gutxi behar duten artista haundiek  abesti onak egiteko. Atzokoan talde formatu berezia ekarri zuen, baxua (Frederick Jacques) eta bi kitarrekin (Duke Garwood eta Jeff Fielde), eta oso lan txukuna egin zuten denek. Soinu teknikariak ere oso lan ona egin zuen eta oso ondo entzuten ziren instrumentu eta ahotsaren matiz guztiak. Ordubeteko saioa eskeini zuten, eta ondoren propina bezala beste bi abesti jo zituzten. Eta zerbait nabarmentzekotan, azkenengo abestia izan zen kontzertuko momentu bikainena. Mark eta Jeff bakarrik jardun ziren, eta  Jeffek kitarrarekin bere maisutasuna erakutsi zuen. Abesti hau entzuteagatik bakarrik pena merezi zuen atzoko kontzertura gerturatzeak.


Aurtengo programazioa ikusita, badirudi maila oso altutik  hasi eta zerbait jeisten joan daitekela, baino balorazioak amaieran egin beharko dituzte antolatzaileek. Ea maila mantentzeko gai diren ekitaldi guztietan, eta ea lortzen duten entzuleak erakartzea Modelo Aretoa atzo bezala beteta egon dadin saio guztietan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario