lunes, 30 de mayo de 2016

Rockumentalak: Gorka Urbizu

Aurtengo Rockumentalak ostegunean hasi zen Mark Laneganen kontzertu bereziarekin, baino ostiralean izan zen bere ohiko formatuko lehenengo saioa, hau da dokumentala + kontzertua. Eta kasu honetan Gorka Urbizu izan zen gonbidatua, 2007an egindako "Zertarako amestu" dokumentala aurkezten, hiru urte iraun zuen Jaio.Musika.Hil diskaren biran grabatutakoa. Bertan azaltzen da Berri Txarrak laukote izatetik hirukora nola pasatzen den, eta afizionatu izatetik profesionaltasunera jauzia egitekoa apustua nola hartzen duten. Biran emandako kontzertuetako zati oso txiki batzuk azaltzen dira, baino garrantzi gehiago ematen zaio disko grabaketaren prozesuari, bidaiei, taldekideen arteko harremanei ...

Dokumentala amaitu ondoren, Gorkaren txanda izan zen akustikoan aritzeko. Tarteka atzera begiratzen zuen ea oholtzan beste taldekiderik bazuen, baino ez, oraingoan bakarkako saioa zen. Antolatzaileek sei edo zazpi abesti prestatzeko eskatu omen zioten, baino entzuleek gehiago nahi eta hamar kanta abestu zituen. Hasteko "Oreka", "Eskuak", "Zerbait asmatuko dugu" eta Denbora da poligrafo bakarra 3. diskoko "Hitzen oinarri ahula" abestu zituen. Eta ondoren Peiremans taldearen "Radio Maria". Esan behar da entzuleek letra gehienak bazekizkitela, eta une askotan abestu ere egiten zutela. Jarraitzeko Haria diskoko "Soilik agur" eta Katamalo taldearen "Betazalak" abestu zituen.

Abestien artean, anekdotak eta kuriositate batzuk komentatu zituen, adibidez nola Bill Stevenson produktoreak, punk talde askorekin lan egindakoak, grabaketa estudioan zeuzkan kitarra guztietan ez desafinatzeko gailu bat zuela instalatuta, eta ez omen zion bending egiten uzten Gorkari. Bide batez, Gorkak izandako influentziak ere haitatu zituen, eta horien artean David Bazan, Pedro The Lion taldeko kitarrajolea, eta talde honen abesti baten bertsioa jo zuen.

Amaitzeko Maravillas abestu zuen, eta kontzertua "Lemak Aingurak" abestiarekin  amaitu zuen.

Esan behar da ostiralean ere Modelo aretoan sarrera guztiak agortu zirela. Oraingoz bi saioetan Sold Out. Ea Rockumentalakeko hurrengo saioek ere horrelako arrakasta izaten duten.

No hay comentarios:

Publicar un comentario