lunes, 29 de mayo de 2017

Literaturia - Lou Topet eta lagunak

Aste bukaeran LITERATURIA ekimena ospatu da Zarautzen, eta larunbatean Lou Topet taldearen emanaldia izan zen Modelo Aretoan. 

Bilboko Loraldiak gonbidatu zuen Lou Topet taldea Peter Seegereri omenaldi bat prestatzera Arriaga Antzokirako, eta lan hori aurkeztu zuten Modelon.

Hasieratik komentatu zuen Oierrek Arriagan baino urduriago zegoela, eta nabaria izan zen kontzertu guztian zehar.

Kontzertua hasteko Peter Seegerren "Muxuak ardoa baino goxoagoak" abestu zuten eta Billy Braggen "Ingrid Bergman".

Martxel Arkarazo, Lou Topeteko disken grabaketen arduradunak jardun zuen soinu teknikari bezala, eta oso lan txukuna egin zuen. Gainera, sonorizazioak Joserra Senperenaren Hammond eta teklatuak  oso argi entzuteko aukera ematen zuen, eta asko gozatu genuen bera bezalako maixu baten lana entzuten.
  
Ondoren abestu zituzten "Buztan urdineko euli", "Gaur, gaur, gaur" eta "Su hau", denak Peter Seegerren bertsioak. Egilez aldatu, eta "Little boxes" Malvina Reynoldsen abestia izan zen hurrengoa, Victor Jarak ezagutzera eman zuena "Las casitas del barrio alto" izenburuakin,  eta Harkaitz Canok "Kuttxa ttipi" bezala itzuli eta egokitu duena.

Arriaga antzokian Lou Topeten lagun asko izan ziren oholtzan, eta ez denak, baino horietako batzuk Modelon ere izan ziren. King Consul izan zen oholtzara igotzen lehena eta "Loreak non dira" abestu zuen, bere reggae ikutuarekin.

Jarraian Bob Dylanen "Don't think twice" bertsioa abestu zuten. 

Talde guztiak maila onean jardun zuen, baino nabarmentzekoa Ander Zulaikak baterian egindako lana. Kontzertuak aurrera egin ahala, Anderrek  goruntza egin zuen, eta kontzertuko azken abestietan kriston maila duela erakutsi zuen.  
 
Oholtzara igotzen hurrengo gonbidatua Joseba Irazoki haundia izan zen. "Norekin hago" abestian banjoakin jardun zuen, gero "Lur hau zurea" steel guitar batekin, eta amaitzeko banjoakin eta ahotsetan lagundu zuen  "Gabon Ailin" abestian.

Horrekin amaitu zen kontzertua, baino entzuleen txalo zaparrada eskertzeko Peter Seegerren beste bi kanta abestu zituzten, "Nik mailu bat banu eta "Izan bagara".

Entzuleak oso gustora amaitu genuen, eta pentsatzen dut Literaturiaren antolatzaileak ere gustora geldituko zirela.

No hay comentarios:

Publicar un comentario