lunes, 30 de noviembre de 2015

Donostin Garoako paperezko kontzertuak: GORKA URBIZU 2015-11-29



Goiz ederra atera zen atzo Donostian, eta maratoia egiten ari ziren hainbat ezagun animatu ondoren, Zabaleta kaleko Garoa liburudendara gerturatu ginen eguerdi partean, hitzordu interesgarri bat genuen eta Gorka Urbizu eta bere kitarrarekin. Jendaurrean bakarrik ez agertzeko, atzokoan Gorkak bere arreba Nerearen laguntza izan zuen teklatuetan. Entzuleen artean gazte asko bildu ziren, Berri Txarrak taldeko jarraitzaileak gehienak. Gu, aldiz,  ez gara Berri Txarraken oso jarraitzaileak izan, baino Gorkak beti demostratu duenez gaitasun haundia gauza oso ezberdinak egiteko, Peiremans edo Katamalo bezalakoak, beti egin diogu jarraipen bat bere lan eta proiektu berriei, ea noiz ustekabean harrapatuko.

Aurkezle bezala Ainhoa Urretabizkaia, Gazteako esatariak jardun zuen, baino galderekin hasi aurretik, Gorkak “Zerbait asmatuko dugu” abestu zuen, “Denbora da poligrafo bakarra” bere azken diskokoa.

Paperezko kontzertuetan ohitura da eskatzea abeslariari liburu bat gomendatzeko, eta kasu hontan Juan Rulforen “El llano en llamas” liburua  aukeratu zuen Gorkak.  Ondoren abestu zituen 2001 urteko “Eskuak” minikanta, bere azken diskoko “Hitzen oinarri ahula”, eta Katamaloren garaira salto egin zuen, 2008ra, Nereakin “Gurarika” eta “Betazalak eranztean” abestuz.

Gorkak adierazi zuen faltan botatzen duela Euskal Herrian musika kritikaririk ez izatea, eta komentatu zuen musikari asko ez dituela ikusten beste abeslari edo taldeen kontzertuetan entzule bezala, eta hori beharrezkoa eta aberasgarria dela musikari guztientzat.   

Abeslari bezala izan dituen erreferentziei  buruz galdetu zion Ainhoak, eta hiru kanta abestu zituen bere erreferentzi izandako talde batzuenak:  El Pasoko The Mars Volta taldearen erderazko abesti bat, The Weakerthans talde kanadiarraren  “Everything must go” eta Anariren 2000 urteko  “Bihotza galdu dut”.

2005 urtean Jaio.Musika.Hil diska argitaratu Berri Txarrak taldeak, musikara profesionalki dedikatuko zirela erabaki, eta egin zuten bira gogoratu zuen, gelditu gabe batetik bestera ibili zirenekoa, eta munduan bueltaka ibili ondoren etxean edo Lekunberrin zein ondo egoten den gogorarazteko, Peiremans taldearen “Send Flowers” abestu zuen.

Azken diska hirukoitza izanik eta hiru produktore ezberdinekin landuak, galdetu zitzaion Gorkari ea zenbateko pisua duen produktoreak  azken emaitzan, eta esan zuen Bill Stevensonek  ez zuela apenas aldaketarik egin taldeak zeraman materialean,  Ross Robinsonek aldiz, burua irekia eramateko  eta pedalekin eta jolasteko eskatu zien, eta Ricky Falknerek, berriz, oso eragin haundia izan du  bere diskan,  eta hau nabarmena da, zeren hau da nolabait esateko Berri Txarraken disko ezberdinena.
Eta amaitzeko, 2011ko Haria diskoko “Iraila” kanta abestu zuen. 

Gorkaren agenda nahiko beteta egoten da eta  ez dira aukera asko izaten atzokoak bezalakoak, Gorka bakarkoan ikusi, entzun eta disfrutatzeko, eta nahiz eta jakin jende asko sarrerarik gabe gelditu zela, atzo Garoan bildu ginen zortedunak  aparteko goiza pasa genuen.

No hay comentarios:

Publicar un comentario